Bailararen Mendebaldean kokatzen da, Gibijo mendilerrorantz aurreratuta eta menditik zehar Burgoseko Losa eskualdera daramaten bideetan. Mendeak dira Lunak “Ledanía de Luna” izena ematen diola inguruetako mendi eta larre komunitateari, Arriano, Artxua eta Gilartek osatzen dutena, Luna berarekin batera. Lunan ermita bat egon zen, “San Juan de Corcuera” zeritzona, egun desagertuta egon arren tradizio historiko handia zeukana. Corcueran, X. menderako oinetxe bat bere barruti biribilarekin eta monasterioko eliza txiki bat zeuden, seguru asko bertako jaunei atxikia, Urbina Basabeko San Pedro eliza bezala. Erdi Aroaren bukaeran Corcuerako oinetxea “barruti biribila” gisa agertzen da Urbina-Basabe leinu etxeko jaurerrien barruan. XV. mendearen hasieran, Urbina-Basabe eta Corcuera leinu etxeak batu egin ziren, on Pedro Ortiz Urbina eta Sancha de Corcuera andrearen ezkontzagatik, geroago XVI. mendean Egiluz leinu etxea ere batu zelarik, bailarako bidegurutze nagusienetan finkatutako leinu boteretsu bat osatuz. Bere jatorriko etxea Urbina Basaben sortu zuten. Horrela Urbinatik, Marinda tontorra inguratuz, Gibijoko bideek Corcuerara eta bertako barruti biribilera zeramaten. Beste bide-zidor batzuk, Urbinatik ere, Gilartetik Urkabustaizerako bideetara iristen ziren eta Uzkianotik jaitsiz, Egiluz dorrera iristen ziren. Eta Urkabustaizetik Abornikanotik abiatuz, beste bide bat Zuiaraino iristen zen, non Lasarteko dorrea eta barruti biribila zeuden, Egiluztarren “lehenbiziko kokalekua eta jatorria: Horrela, Urbina Jauna aldi berean Corcuera jauna, Astobizan Egiluz jauna eta Bitorianon Lasarte jauna zen.
Luna beti izan zen leku ondo populatua, 1156an 18 biztanle zituen, mende bat geroago oraindik mantentzen zituen. XX. mendearen hasieran 57 biztanle zituen eta azkeneko erroldan, 14.