“Pico Marinda”, 980 metrorekin, Kuartangoko pasaiari nagusitzen zaio bailararen erditik bertatik. Hegoaldeko hegalean hondatutako etxeak aurkitzen dira, gaur ia jendez hustuta, elizako hondakinekin batera. Marinda izen bereko ledaniaren buru izan zen, “Ledania de Abajo” ere deitzen zitzaiona, “Ledania de Arriba” edo Lunakoarekin kontrajarrita. Beheko ledania honen barruan, Marindaz gain, Santa Eulalia,Urbina Basabe eta Villamanca zeuden.
1556an “borumburu y marinda” titulua aipatzen zen Marindari buruz hitz egiterakoan eta orduko hartan hogei biztanle zituen, mende bat geroago lau baino ez zituen. XIX. mendean errolda 44 biztanleraino igo zen, kopururik altuena, XX. mendearen hasieran 18 besterik ez baitzituen, eta 1912rantz jendez hustu baitzen. Egun Marindan biztanle bakarra dago.