Kuartangoko ibai ertzetako herri eta mugetan kontserbatutako toponimoen artean, Villamancak toki horretan villa erromatar baten existentzia eta inguruko lurren ustiapena gogorarazten duela dirudi. Villamanca, Arkamo mendilerroko iparreko hegalean kokaturik eta Gibijo mendilerroaren hegoaldeko hegalak vistan dituela, Marindako ledaniaren barruan zegoen.
1257. urterako, “Villa manca” izenaz agertzen zen. Erromanikoaren edertasunak eta bere elizaren zabaltasunak botere eta aberastasuneko egunak izan zirela ematen dute eraiki zuten unean. 1556an herrian hamar biztanle bizi ziren, mendearen amaieran biztanleria erdira murriztu zelarik. XX. mendearen hasieran bere errolda 15 biztanlekoa zen, azkenengo erroldaren arabera 8 biztanle daudelarik.
Santiago eliza XII. mendearen amaierakoa da. Barruan ebakidun motiboz apaindutako hiru hilarri daude. Harri beltzezko hilarri monolitikoak dira, elizako zoladura egiteko erabili zirenak. Handiena, 2,36 x 1 m-koa, aldarearen oinean dago eta eskudete bi erakusten ditu, bata San Pedroren giltzak gurutzatuta, eta bestea San Andres gurutzearekin. Bere kanpai-horma harlanduxko eraikuntza onekoa da, XVI. mendeko hasierako hamarkadetan Kuartangon ohikoak ziren kanpai-hormen antzekoa.