DATORREN IGANDEAN, MAIATZAK 13, KUARTANGOK PERRETXIKO ETA TERREÑA BEHI-AZIENDA AZOKAREN XVI. EDIZIOA OSPATUKO DU 1000 694 Kuartango
perretxiko_post

DATORREN IGANDEAN, MAIATZAK 13, KUARTANGOK PERRETXIKO ETA TERREÑA BEHI-AZIENDA AZOKAREN XVI. EDIZIOA OSPATUKO DU


  • Beste urte batez, udaberriko perretxiko honen hainbat kilo salgai ipiniko dira eta bertaratutakoek Terreña arrazako behi errearen pintxo bat dastatu ahal izango dute euro baten truke.
  • Zuhatzu Kuartangon ospatuko den jaieguna 10:00etan hasi eta 15:00etan bukatuko da eta ekintza ugari egongo dira, nabarmentzekoak dira, besteak beste: dastatzeak, erakusketak, haurrentzako ekintzak eta baita eskulanen eta produktu tipikoen azoka ere.
  • 12:30etan, Arabako Slow Food Elkarteko presidenteak, Alberto López de Ipiñak, pregoia emango du.

Hamaseigarren urtez jarraian, Kuartangoko haranak jada ohikoa den Perretxiko eta Terreña behi-azienda azoka ospatuko du maiatzaren 13an. Jai egun honetan eskualdeko zein kanpoko produktore ugarik hartuko dute parte eta guztira, artisau-produktu eta era askotariko produktu tipikoz beteriko 60 postu egongo dira, besteak beste: gazta, hestebeteak, barazkiak, eztia, trufak, ogia, patatak, olioa, Arabar Errioxako ardoa, txakolina… Eta bereziki, Terreña behi-aziendaren okela eta perretxikoak. Udaberriko perretxiko mota hau estimatua da oso eta Kuartangon ezaguna da bere ugaritasun eta kalitate handia dela eta.

Azoka 10:00etan hasi eta 15:00ak aldera bukatuko da. Aurreko edizioetan bezala, 5.000 pertsona baino gehiago espero dira. Parte hartzaileek ekintza ugariz gozatzeko aukera izango dute antzinako bainuetxe eta Udaletxearen artean kokatutako zabalgunean. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: dastatzeak, behi erakusketak, umeentzako ekintzak eta baita eskulanen eta produktu tipikoen azoka ere.

12:00etan pilotan etorkizun oparoa izan dezaketen inguruko gazteen pala partida hasiko da eta 12:30etan Arabako Slow Food Elkarteko presidenteak, Alberto López de Ipiñak, pregoia emango du. Ondoren, 13:00etan, Herri Kirolen erakustaldia (Lokotxak, Trontza, Sokatira, Lasto, Harri-jasotze, Ingude) antolatu da eta 13:30etatik aurrera, Euskal Okelarekin egindako Terreña behiaren pintxoa euro batean dastatu eta bidenabar Arabako arraza autoktono honen kalitatea deskubritu ahal izango da. Izan ere, behi honen okela oso preziatua da, belartzatan hazten baita.

Eskulanen eta produktu tipikoen azokaz gain, goiz osoan zehar bestelako ekintza ugari egingo dira Kuartangon, besteak beste: Terreña arrazako behi erakusketa, haurrentzako ekintzak, kale-animazioa fanfarrearekin eta perretxiko eta Terreña haragiaren salmenta.

Alberto López de Ipiña eta Slow Food Araba

XVI. Perretxiko eta Terreña behi-azienda azoka honen pregoilaria Alberto López de Ipiña izango da, 2005. urtean sortu zenetik Slow Food Araba Elkarteko presidentea izan dena. Karguan 13 urte baino gehiago egon ondoren, urte honen hasieran Kuartangon ospatutako Asanblada Orokorrean, berrautaketara ez dela aurkeztuko eta hortaz, Slow Food Arabako presidentzia utziko duela jakinarazi zuen López de Ipiñak. Halere, nazioarteko aholkulari gisa jarraituko du.

Slow Food nazioarteko erakunde eko-gastronomiko bat da “gastronomia berri” bat sustatzen duena identitate eta kultur espresio gisa ulertuta. 1986an Italian sortutako elkarte honek 160 herrialdetan ditu ordezkaritzak. Alde batetik, elikadurarekin lotutako plazera defendatzen du; eta bestetik, gustuaren hezkuntzaren eta disfrutatzeko eskubidearen inguruan hausnartzen du, erantzukizunaren zentzu berri baten bitartez, ekosistemarekiko oreka, biodibertsitatearen defentsa eta produktoreekin hartutako konpromiso etikoa kontuan hartuz.